XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pilota

Elkoro: Ni lasai nago

Manomanistako finala jokatzea amets bat da berarentzat

Aitor Elkoro eta Juan Mari Aranzeta, bere botileroa, osteguneko pilota aukeraketan.

Manomanista jokatzen duen lehen aldian, txapelketako finalera heltzeko aukera dauka Aitor Elkorok.

Horretarako, Inaxio Errandonea gainditu beharko du bihar Donostian jokatuko duten finalerdian.

Elkorok dioenez, ez du presiorik nabaritzen partiduaren aurretik.

Partidua luzea izango dela iragarri du.

Aitor Ugalde/Donostia

AITOR ELKOROK egindakoa aurtengo Manomanistak eman duen gauzarik onenetakoa da.

Bi-bitara bezala, buruz buru ere onenen parean dagoela erakutsi du Nagore eta Irazola kanporatu zituenean bete zuen zeukan helburua, final-laurdenetan Eugiren aurka jokatzea.

Ezustea eman zuen orduan, eta orain finalean sartzeko aukera dauka.

Errandoneak adierazi duenez, finalerdietaraino helduta, Eugiren aurka eduki ez zuen presioa izango du Elkorok.

Baina Elkorok ezetz dio, ni lasai nago, ez dut presiorik sentitzen, adierazi du.

Lasaitasun hori, neurri handi batean, orain arte egindakoak ematen dio.

Uste dut txapelketa ona egin dudala, bertarako jarrita neuzkan helburuak bete ditut.

Egoera onean heldu naiz partidura, eta falta dena ondo jokatzea da, esan du.

Egiten ari denarekin, Elkorok zale gipuzkoarren ilusioa berpiztu du.

Batzuk txapelarekin amets egiten hasi dira.

Elkoro zuhurra da.

Txapeldun izango naiz maiatzaren 11n finala jokatuko den eguna jokatu eta irabazten badut.

Bienbitartean, igandeko partidua irabaztearekin bakarrik pentsatzen ari naiz, esan du.

Finala jokatzea amets bat izango litzateke berarentzat.

Txapelketa hau prestatzen bi hilabete baino gehiago daramatza.

Oso entrenamendu gogorrak egin ditu.

Horrelakoetan formaz pasatuta egoteko arriskua ere badago, baina berak ondo ikusten du bere burua.

Fisikoki ondo nago, gustura.

Ez dut uste formaz pasatuta nagoenik.

Aurrean teknikoa den pilotari bat izango du, Inaxio Errandonea.

Manomanista ona da, pilotari teknikoa da, bere kualitatei etekin ona atetzen die eta ez du ezer oparitzen, dio Elkorok nafarrari buruz.

Haren aurka orain arte aurtengo txapelketan erabili duen estrategia bera erabiliko duela iragarri du gipuzkoarrak, besteak baino gehiago jo eta aurkaria atzean eduki.

Zazpi koadrotik atzera denok dauzkagu arazoak.

Hor eduki beharko dut partidua aurrera ateratzeko.

Partidu luzea eta gogorra iragarri du Elkorok.

Biok estilo berdintsua daukagu eta uste dut piloteo asko egongo dela, esan zuen.

Sarrerak gaur jarriko dira salgai

Igandeko partidurako sarrerak gaur arratsaldean jarriko dira salgai Atano III.a pilotalekuan, 18:00etatik 20:00etara.

Bihar, 12:00etatik 13:30etan ere erosi ahal izango dira.